Vistas de página en total

martes, 20 de diciembre de 2011

Desberdintasunak baztertuz


 Emakume eta gizonen arteko balantza orekatzea da gaur egungo erronka garrantzitsuenetarikoa
Ainhoa Goenaga

Emakume etxekoandrearen garaiak aspaldi geratu ziren atzean. Emakumeek lan mundura salto egitea lorpen handia izan zen berdintasunaren izenean, baina bidea arantzaz betea dago oraindik eta familia eta lanaren uztartzeak hainbat kezka eta arazo sortzen ditu egun. Lanean ari diren emakumeek ezin diote nahi bezainbeste dedikazio eskaini haurrei, baina jakina, ez diote beraien ibilbide profesionalari uko egin nahi. Egoera honen aurrean, gizarteak eta administrazioak badute zer esan eta zer egin. Hainbat herrialdeen lehiakortasuna eta belaunaldi erreleboa jokoan dago, gizon eta emakumeen arteko berdintasunekin batera.

Generoen arteko balantzak desorekatuta dirau, eta horrela jarraituko du negozioak gizonezkoei bakarrik dagozkien kontuak bezala hartzen diren bitartean. Gizonezkoa langile eredutzat hartzen duten enpresak fikzioan oinarritzen dira. Alde horretatik, norvegiarrek argi utzi dute berdintasunetik abiatu behar dela gailurrera iristeko. Haiek parekotasuna bermatzeko kuota ezarri zuten aurreneko aldiz. Enpresa handien Administrazio Kontseiluak lanpostuen %40a gutxienez emakumezkoek okupatzea ezarri zuen. Horrela, 2002an enpresa handien pertsonalaren %7a osatzetik %44a osatzera pasa dira emakumeak. Orain, Norvegia Giza Garapen Indizean lehen postuan dago. Are gehiago, NBEk norvegiarrekin alderatzen ditu beste herrialdeak ongizate maila neurtzean.

Konparazioak eginez gero, diferentzia nabarmen bat ikus dezakegu Norvegia eta Espainia edo Euskal Herriaren artean. Han, haurra jaiotzerakoan, sei asteko baimena hartzen du derrigorrez amak eta, gero, urtebetekoa du aukeran. Gainera, aldiaren gehienean, soldata osoa kobratzen du. Aitak ere hamar asteko baimena hartzeko aukera du. Espainian guraso langileei eskainitako erraztasunak askoz ere murritzagoak dira. Jone Bengoetxea ELAko ordezkariaren iritziz: “Lege eta herri instituzioek ez digute aukera handirik ematen lana eta bizitza pribatua bateragarri egiteko”.

Pasadan urtean, Europako lan ministroek baztertu egin zuten amatasun baimena soldata osoarekin 20 astera luzatzeko proposamena. Hala eskatu zuen Europako parlamentuak, baita bi asteko aitatasun baimena ere, baina krisi egoera dela eta, ministroek ez zuten ideia babestu. Valeriano Gomez Espainiako lan ministroak uste du amatasun baimena luzatzean zailagoa egiten dela emakumeak lan merkatura itzultzea. “Amatasuna babesten duen arau bat nahi dugu, baina baita emakumeak merkatura erraz itzultzea ere”, esan zuen. Horregatik, Espainian amatasun baimena 16 astekoa bakarrik da. Aitatasun baimena, aldiz, bi astekoa besterik ez. Berez, Europako parlamentuak proposatutakoa betetzen du, baina ez da familiaren egiturara inondik inora ere egokitzen.
 
Azken batean, Europar Batasuneko herrialdeetan amatasun baimenak gutxienez 14 astekoa izan behar du; aitentzat, berriz, ez dago gutxienekorik. Ondo kostatako erabakia da. 2008tik ibili da proposamena atzera eta aurrera. Dena den, hala moduzko aurrerapausoa da. “Aurrerapausoa bada, baina txikia”, adierazi du Maria Silvestre Emakundeko buruak. Haren arabera, Europa biztanleen zahartzeaz ohartu da eta kezkatuta dago jaiotza tasa txikiagatik. Silvestrek dio emakumeei nolabait erraztu egin nahi zaiela lana eta amatasuna batzea biak batean egin ahal izateko: emakumeak biztanleria aktiboan sartuz eta hurrengo belaunaldiak bermatuz. “Berdintasuna bai, baina neurri hauekin eraginkortasun ekonomikoa lortu nahi da”, azaldu du.

“Lana eta familia bateratzea, gauza bera izan beharko litzateke gizon eta emakumeentzat, baina ez da”
Marisol Goikoetxea, Enpresa kudeatzailea eta ASPEGI Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko presidenteordea

Nahiko maiz ematen da emakumeek lanaldia murriztea haurra zaintzeko. Berez hori norberaren aukera izan beharko luke, baina behin baino gehiagotan inguru oso batek bultzatzen du ama erabaki hori hartzera. Bigarren edo hirugarren haurra edukita, emakumea jada etxean geratzen da betiko. “Lana eta familia bateratzea, gauza bera izan beharko litzateke gizon eta emakumeentzat, baina ez da”, aipatu du Marisol Goikoetxea ASPEGI Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko presidenteordeak. Langile Estatutuaren Legean jasota dagoen araudiak gizonezkoa ere zaintzaren eta familiaren arduretan txertatu beharko luke, erantzukizuna partekatua baita.

Ama langileen zailtasunak
Lanean dabiltzan amek traba asko topatzen dituzte eta lan-aukera eskasak jasaten dituzte. Lan-orduak murrizten dituenak kotizazioa ahultzen du, eta horrek erretirorako baldintza okerragoak dakarzkio. Bestalde, egun osoz lan egiten jarraitzen duenak bi lekutan egon beharraren arazoak pairatzen ditu. Izan ere, bi lekutan egoten saiatzean, azkenean inon ez egotea eta ezer ez fundamentuz egitea eragiten du.

Gehienetan emakumeak direnez baimenak hartu edo murrizketak egiten dituztenak, diskriminazio estatistikoa sortzen da. Haurrak zaintzeko eskatutako eszedentzietatik %90 baino gehiago emakumeenak dira. Orduan, emakumeen lana ordezkagarritzat hartzen da, bigarren mailakotzat. Hori dela eta, maila baxuagoko postuak eta soldatak eskuratzen dituzte.

Hurrengo belaunaldien etorkizuna kolokan
Emakumeen ugalkortasun datuei erreparatuz, EAEn ugalkortasun tasa 1,2koa, Espainiako estatuan 1,3koa eta Europan 1,5koa direla erakusten dute estatistikek. Nazio Batuen Garapenerako programak dio belaunaldi erreleboa eta Gizarte Segurantza bermatzeko behar den gutxieneko tasa 2,1ekoa izan behar dela. 2050. urterako aurreikuspenek diote beharrezko langile kopuruari ezingo zaiola erantzun, ezta emigrazioarekin ere. Hau gizarte osoaren arazoa da, eta hala erantzun behar zaio.

“Bizi garen eredu sozioekonomiko honetan produktibitatea eta kontsumoa lehenesten dira eta bazterrean uzten da pertsonen ongizatea”
Josune Martirena, psikoterapeuta eta guraso eskolen eta edoskitze eta heziera naturalaren aldeko taldeen koordinatzailea

“Bizi garen eredu sozioekonomiko honetan produktibitatea eta kontsumoa lehenesten dira eta bazterrean uzten da pertsonen ongizatea. Lehenetsi behar duguna gizartearen ongizatea da eta, horretarako, sistemako elementu ahulena hartu behar dugu oinarri: haurra. Lehentasun horiek ezarrita, familian zentratutako sistema eraiki behar da”, azaldu du Josune Martirena guraso eskolen eta edoskitze eta heziera naturalaren aldeko taldeen koordinatzaileak.


Genero berdintasunaren foroa (Emakunde)


Gurasotasun baja Espainian

Bibliografia:
-         Argia
-         Berria
-         Emakunde
-         Adierazpenak
o       Jone Bengoetxea à ELAko ordezkaria
o       Maria Silvestre à Emakundeko burua
o  Marisol Goikoetxea à Enpresa kudeatzailea eta ASPEGI Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko presidenteordea
o       Josune Martirena à Psikoterapeuta eta guraso eskolen eta edoskitze eta heziera naturalaren aldeko taldeen koordinatzailea



domingo, 18 de diciembre de 2011

Sakrifizioaren erakusleiho

Laudioko Nazioarteko Krosak kirolari eta gazteen artean erreferentzia izaten jarraitzen du
Gentza GARCIA MENDIETA
Pasaden azaroaren 28an Laudioko krosaren XXVII. edizioa ospatu zen, eta urtero bezala, haran arabarra kirolaren munduan lehen mailan jarri zuen egun batez. Nazioarteko kros lasterketa da, zalantzarik gabe, Laudiok bere burua ezagutaraztera emateko darabilen tresnarik garrantzitsuena, eta Euskal Herriko kirola sustatze bidean erakusleiho ezin hobea izan da aurten ere.
Laudioko krosak 2004tik 2006ra IAAF kategoriaz gozatu ahal izan zuen, hau da, mundu mailan eliteko zirkuitua izan zen Turin, Edimburgo edota New Yorkekin batera. Egun, AEA kategorian dago Arabako klasikoa (Europako maila gorena eta munduan bigarrena) baina, zalantzarik gabe, kirolean erreferente izaten jarraitzen du. Latza izan zen, baina, hasiera eta 1979-84 artean froga popularra baino ez zen izan, Laudioko Atletismo Klubak antolatutakoa.
Taldeko kideen borondatezko laguntzari esker, hain zuzen ere, lortu da gaur eguneko mailara iristea. Maila bereko beste lasterketa gehienetan ordainpeko funtzionarioek antolatzen dituzte prestakuntzak; horrelakorik ez da Laudioren kasuan. Inork ez du xeherik irabazten antolakuntza lanetan, baina era berean guztiz beharrezkoa da klubeko kideen elkarlana krosa aurrera eramateko. Horren jakitun ere badira klub barrutik: Peli Ortiz de Zarate antolatzailearen hitzetan, "lana" da ekimenaren biziraupena sustatzeko era bakarra, izan ere, "krosa ez litzateke egongo boluntario barik".
Azken urteotan atleta handiek zapaldu dute haraneko zirkuitua, eta nazioartean famatua egin duen lokatza nahiz eguraldi kaxkarra sufritu izan dute. Peliren hitzetan, "normalean beti agertzen da lokatza, euri-zaparrada edo haizea" eta horrek ematen dio bere xarma, izan ere, "horregatik da benetako krosa, betikoa".Ort Ellakuri auzo laudiorreko klasikoan Osoro Ondoro kenyarra (1991eko munduko kros txapelduna), Tariku Bekele etiopiarra (5000 m-tan urrea 2006ko munduko txapelketan) edota Martin Fiz gasteiztarraren (2 aldiz kroseko Espainiako txapelduna) tankerako txapeldun handiek hartu dute parte, lasterketaren hedapena bultzatuz. Denboran urrunegi joan beharrik ez dago, gainera, aurtengo edizioan Leonard Komon (10 eta 15 km-tako munduko "record-man"a) eta Nadia Ejjafini italiar-marokiarra (2007ko Joko Panarabikoetako 5000 m-tako urrea) gailendu baitira senior kategorietan. Hona jarraian krosa jaio zenetik profesionaletan izan dituen irabazle guztiak, gizon nahiz emakumezkoetan:    
1985
Javier San Martín (ESP)
Asunción Antolín (ESP)
1986
Valentín Rodríguez (ESP)
Amelia Lorza (ESP)
1987
Ezequiel Canario (POR)
Amelia Lorza (ESP)
1988
Martín Fiz (ESP)
Mary Chenweno (KEN)
1989
Ezequiel Canario (POR)
Jane Shields (GBR)
1990
Wilson Omwoyo (KEN)
Jane N’Goto (KEN)
1991
Ondoro Osoro (KEN)
Susan Sirma (KEN)
1992
Ondoro Osoro (KEN)
Lydia Cheromei (KEN)
1993
Fita Bayissa (ETH)
Sally Barsosio (KEN)
1994
Fita Bayissa (ETH)
Derartu Tulu (ETH)
1995
Daniel Komen (KEN)
Sally Barsosio (KEN)
1996
Jon Brown (GBR)
Gete Wami (ETH)
1997
Tom Nyariki (KEN)
Jackeline Maranga (KEN)
1998
Luke Kipkosgei (KEN)
Merima Denboba (ETH)
1999
Hailu Mekonnen (ETH)
Naomi Mugo (KEN)
2000
Abraham Chebii (KEN)
Merima Denboba (ETH)
2001
John Yuda (TAN)
Alessandra Aguilar (ESP)
2002
Charles Kamathi (KEN)
Selina Kosgei (KEN)
2003
Fabiano Joseph (TAN)
Alice Timbilil (KEN)
2004
Gebre Grebemariam (ETH)
Werknesh Kidane (ETH)
2005
Tariku Bekele (ETH)
Aniko Kalovics (HUN)
2006
Tariku Bekele (ETH)
Meselech Melkamu (ETH)
2007
Joseph Ebuya (KEN)
Meselech Melkamu (ETH)
2008
Tariku Bekele (ETH)
Linet Masai (KEN)
2009
Teklemarim Medhin (ERI)
Linet Masai (KEN)
2010
Teklemarim Medhin (ERI)
Alessandra Aguilar (ESP)
2011
Leonard Komon (KEN)
Nadia Ejjafini (ITA)

Ez-profesionalentzako tartea ere badago, noski, eta aurreko edizioen ildotik jarraituz 16 kategoria ezberdinetako atleta gazte nahiz adindunek parte hartu ahal izan dute aurten, neska eta mutilen artean (benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak, juniorrak, promesak, seniorrak eta beteranoak). Guztira, ia 1000 korrikalarik hartu izan dute parte, horietako 69 seniorretan (19 emakume eta 50 gizon).
Iazko datuekin konparatuz zertxobait jaitsi da parte hartzaileen zifra (1100 korrikalari inguru bildu ziren 2010eko edizioan), baina antolakuntzatik lasaitasun mezua zabaldu dute horri dagokionez. Alde batetik, aurtengo aurrekontuak mozketa nabariak izan ditu aurreko urteekin alderatuz eta horrek, noski, atleten irabaziak, hotelak, bidaiak... ordaintzeko kinka larrian jarri ditu Klubeko partaideak. Horren kexu azaltzen zen David del Rio klubeko kide eta kroseko partaidea ere: "Krisiak guztioi eman digu gogor" Bestetik, asteburu benetan kaxkarra izan zen azaroaren azkenekoa kros munduko agendari dagokionez: Egun berean Frantzia, Holanda, Belgika eta Hungarian ere antolatu ziren, eta horrek asko zaildu zuen atleta europarrak erakartzerako betekizuna.
Edozein modutan ere, Laudioko antolatzaile eta zaleek badakite eskualdeko kirolak osasun paregabeaz gozatzen duela, urtez urte zalegoa handitzen doala. Horren isla azkeneko urteotan nazioarteko krosak izan duen oihartzun itzela, Teledeporten, ETBn, nahiz beste zenbait kate autonomikoetan lasterketa zuzenean erretransmititua izan da eta. 


Krosaz gozatzeko aukera izan dutenek ere lasterketaren alor onak azpimarratzen dituzte, Ane Larrazabal kasu, azken 11 edizioetan parte hartu duen 17 urteko Orozkoarra. Bera Laudioko Atletismo Klubeko kide gaztea da eta argi dauka ez dela beste lasterketa sinple bat: "Taldea urte osoan egoten da krosa antolatzen" eta horrek "berezia" bihurtzen du zita berarentzat eta bera bezalako ingurko atleta askorentzat. "Lagun asko biltzen dira ikustera, animatzera eta hori laguntza handia izaten da" korrika egitean murgilduta daudenean. Gainera, kirolean hasten ari diren gaztetxoei ere parte hartzeko gonbita luzatzen die, izan ere, "oso gogorra dirudien arren merezi du entrenatzea, gero asko disfrutatzen delako". Hori bai "pixka bat sufritzeko prest" egon beharko direla ohartarazten ditu.

Gazteak, jarraitzaileak eta antolatzaileak berak dira azken finean tankerako lan nekezaren fruituak jasotzen dituztenak, eta hurrengo urteetan orain arteko goranzko joerarekin jarraituko dela argi daukate klubetik. Peliren aburuz, krosa "erreferentea izan behar da gazteentzat"; ez bakarrik atletismo munduan, baizik kirolaren eta osasunaren alorrean adibide izatea lortu nahi da, eta horren atzetik gogor jarduten jarraituko dute Laudioko Atletismo Klubeko kideek, sakrifizioaren erakusleiho bezala. Munduko zorte on guztia haientzat.


(Elkarrizketaren bideoa hemen ikusgai).

Euskaraz eta kulturaz mamitzeko tresna ezin hobea


Zortzi urte daramatza Aikor aldizkariak Txorierriko etxeak kulturaz betetzen

Hegoi GONZALEZ

Ez da ez famatuena, ez handiena, ez prestigio gehien duena, baina argi dagoena da Txorierritar askoren bihotzean bere lekua daukala Aikor aldizkariak. Hedabide txikia da baina lan ikaragarria egiten du euskara eta kultura zabaldu nahian eta  Txorierritarren arteko harremanak sustatzeko tresna ezin hobea daukagu.
Gutxi gora bera orain dela bederatzi urte hasi zen mugimenduak gaur egun 8000 irakurle baino gehiago dauzka eta badirudi ez dela hor geldituko, ilusioaren indarra erabiliz hedabide honen garapena lortzeko lanean dihardute.

Txorierrin hilero argitaratzen den dohainikako aldizkaria da Aikor. Hilabetekari hau TOTOANek, Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak, alegia, argitaratzen du. Federazioaren barruan Lagatzu, zorrizketan, Arrekikili eta Tximintx elkarteak aurkitzen dira. Orain dela zortzi urte elkartu ziren Txorierriko euskara elkarte guztiak eta eskualdean euskarazko hedabiderik ez zegoela konturatu ziren. Horrela, Aikor aldizkaria sortzearen ideia piztu zen.
Hedabidearen helburua euskara eta kultura zabaltzea da baina kirola eta bestelako gaiak ere lantzen dituzte. Itsaso Marinak, hots, aldizkariaren erredakzio buruak dioen bezala euskara eta kultura zabaltzea da haien lehentasuna, baina aldi berean Txorierritarrek betetzen dituzten ekintza guztiak garrantzitsuak dira haientzat eta aldizkarian hauen berri emateko prest daude beti.

      Herritarren inguruko  edozein ekintzari ematen diote garrantzia.
Komunikabide gehienak bezala, gaurkotasuna jorratzen saiatzen dira honen lankideek. Baina hilabetekaria izanda gaurkotasun erabatekoa mantentzea ezinezkoa dela adierazi du Gaizka Eguskizak, aldizkariaren maketatzailea denak. Hori dela eta, paperezko aldizkaria izateaz gain, web orrialde bat ere daukate, orain dela hiru urte sortu zutena. Web orrialde hau aldizkariaren isla da eta gaurkotasuna finkoago mantentzen saiatzen dira bertan. Gainera web honetan aldizkariaren kolaboratzaileek informazioa eskegitzeko aukera dute eta euskara elkarteek haien txokoa dute, haiek nahi dituzten gauzak eskegitzeko. Horretaz gain, edozein pertsona eman dezake bere iritzia edo informazioa bertan argitaratu dezake, filtro galbahe batzuk pasa ostean, noski.

Lan egiteko modua
Hedabide txikia da, eta horrela da lan egiteko tokia ere. Hiru pertsonen artean egiten dute Aikor-en lan guztia:                     
Gaizka Eguskiza maketatzailea da. Hau da, aldizkariaren egitura nola izango den erabakitzen du. Nolabait aldizkaria txukun eta polit geratzeko ardura du. Eta albisteak ere idazten ditu batzuetan.
Itxaso Marina erredaktore burua da eta berak kudeatzen ditu testu guztiak. Batzuk berak idazten ditu eta beste batzuk kolaboratzaileek, baina gutxi gora behera berak hartzen ditu erabaki nagusiak.
Itxaso Marina, Gaizka Eguskiza eta Arantza Atxutegi lanean.
Arantza Atxutegi publizitatea eta diru iturriak lantzen dituena da eta horretaz gain enpresaren kontabilitatea eroaten du ere bai. Beste bi langileek dioten bezala, Arantxaren lana da garrantzitsuena, berak lortzen duelako dirua eta horregatik delako posible proiektua aurrera eroatea.
Hilero bilera bat egiten dute plangintza bat egiteko, horrela, hurrengo aldizkarian aterako dena zehazten dute. Hala ere, plangintza hori askotan aldatu beharra dago, Gaizkak esan duen bezala, egunerokotasunak berak gauzak aldatzera eraman ahal zaituelako.

     Enpresan lan egiten duten hiru langileez gain, hainbat kolaboratzaileek osatutako sarea sortu da. Kolaboratzaile hauen bitartez informazioa eta kontaktuak lortzen dituzte kazetariek. Hauen lana ezinbestekoa da aldizkariarentzako, haien laguntzarik gabe ezinezkoa izango litzaketelako jakitea herri guztietan zer gertatzen den. Horrela pentsatzen du behintzat hedabidearen erredakzio buruak.

Finantziazio modua
Seguruenik galdetu diozuela zuen buruei ea nola den posible dohainik ematen den aldizkari batek dirua irabaztea eta biziraun ahal izatea.
Kasu honetan iturri ezberdinetatik lortzen du Aikor-ek dirua irabaztea.
Alde batetik, diru laguntza batzuk jasotzen ditu euskarazko hedabidea izateagatik eta euskara eta kultura sustatzeagatik. Foru aldunditik, Eusko Jaurlaritzatik eta Txorierriko mankomunitatetik jasotzen ditu laguntza ekonomiko hauek.
Beste alde batetik Aikor Lagunak izeneko aldizkariaren bazkideak daude, hilabetero kuota bat ordaintzen dutenak aldizkariari laguntzeko
Azkenik, ezin dezakegu ahaztu Arantzak publizitatearen kudeaketan egiten duen lana. Honen bidez aldizkarian agertuko diren iragarleak kontratatzen dira eta hemendik ateratzen da diru gehiena, hilero kuota bat ordaintzen dute iragarleek.

      Krisiak komunikabide guztietan arazo ekonomikoak sortu ditu baina Aikor-en kasuan eragin handirik ez duela izan aitortu du Arantza Atxutegik. iragarleen aldetik fideltasun bikaina ikusi dutela esan du Arantzak, haien publizitatea jartzen jarraitu dutelako ia kasu gehienetan. Hori eskerrekoa da krisi garaian gaudela ikusiz.

     Ikusi dugun bezala, lana eginez edozein proiektu aurrera atera daiteke. Aikor urte askotan zehar garatu den proiektu txikia da baina etxe asko kulturaz betetzen ditu. Proiektua aurrera jarrai dezan eta Txorierritarrok kulturaz mamitzen jarrai daitezen… Aikor lagun egin zaitez!


Informazio iturriak:
- Aikor aldizkariaren langileei egindako elkarrizketa
- Aikor aldizkariaren web gunea
- Aikor aldizkaria



sábado, 17 de diciembre de 2011

Etxe zuria gorri-urdinez tindatu da


Santiago Bernabeuko harmailak jendez gainezka daude. Denak zuriz eta gorri-urdinez jantzita daude. Bat-batean, jokalariak atera dira futbol zelaira jarraitzaileen txalo, oihu eta abestien artean. Emozioa, lehia eta urduritasuna sumatu daiteke jendartean. Arbitroak txilibitua jo du ikuskizunari hasiera emateko.

Partida hasi eta segundo gutxira Real Madrilek gol bat sartu du. Esan beharra dago aurreneko jokaldian Benzamak ederki aprobetxatu duela Valdesen hutsegitea gol hori sartzeko. Zuriek une batez konfiantza hartu dute. Halere, Bartzelonako jokalariak ez dira inolaz ere nahastu, segituan errebantxa hartu dute. Gogor kontra-eraso diete, madrildarrei aurrea hartuz.

30. minutuan jada Alexisek berdinketa lortu du Messiren laguntzaz. Atsedenaldiaren ostean, Bartzelonak erraz agindu du zelaian. 54. minutuan 1-2koa jarri du markagailuan Xavik. Errematatzeko, 66. minutuan, 1-3koa egin du Cesc Fabregasek, garaipen legendarioa lortuz..

Mourinhoren mutilak norgehiagoka ibili diren arren, ez dute beraien erasoan asmatu. Cristiano Ronaldo portugaldarrak gola sartzeko izan dituen bi aukera paregabeak alferrik galdu ditu. Real Madrileko jokalari izarrak bere distira galdu du partida honetan.. Grinatsu nabaritu zaio denbora guztian.

Bestalde, Leo Messi Bartzelonako jokalari giltzarriak primeran jokatu du. Nahiz eta ez duen golik sartu, Cesc eta Alexisekin batera bitan asmatzea lortu du. Badirudi argentinarrak ez duela inoiz ere huts egiten.

Mundu osoko futbol-zaleek gertutik jarraitu duten partidua izan da. Mende honetako futbol-partidarik nabarmenena dela komentatu da. Gainera, Guardiolak berriro erakutsi du bere taldearen indarra zelaian. Real Madril bere hodeitik jaitsarazi du. Momentuz, zuriek ezin dute gorri-urdinen aurka lehiatu.



 Ainhoa Goenaga

viernes, 16 de diciembre de 2011

Liga bizirik darrai


Urtean pare bat aldiz bizi ohi dugun mendeko partidurik onenaz gozatu ahal izan genuen atzo, Bartzelona eta Real Madril galaz jantzitako Santiago Bernabeu futbol zelaian aurrez aurre jarri zituen klasiko handian. Ikusmin handia sortu izan du norgehiagokak, inoiz baino gehiago agian, Madrilgo taldearen bolada ezin hobean oinarrituz, baina ohiko bihurtzen ari den bezala erakustaldi itzela eskaini zuten kuleek 83.500 lagunen aurrean, 1-3 gailenduz. Partidu bizia, azkarra eta lehiatua izan zen, futbola handi egiten duten horietakoa, azkenean indartsuenaren legeak erabaki zuena.

Partidu hasierari, ordea, ez zion behar bezala ekin talde kataluniarra, izan ere, 22. segundoan Valdes atezainak baloia urruntzerakoan huts galanta egin eta jokaldi trabatu baten ostean Benzemak oparia aprobetxatu zuen markagailura lehenengo gola igoarazteko. (1-0, 1´). Etxeko taldearen hasierako aupada ez zen hor geratu, ordea. 

Hurrengo minutuetan Barça guztiz ezezaguna ikusi zen neurketan, zelaian bere lekua aurkitu ezin, erasoan kamuts eta Madrildarren erasoen aurrean zailtasun handiz defendatzen zirenak. Egoeraren aurrean Cristiano Ronaldok  eta Benzemaren arteko aukera paregabea izan zuten 25. minutuan diferentzia handitzeko eta partidua bideratzeko, baina bere burukada zuzen-zuzenean Valdesen eskularruetara bidali zuen frantsesak.

Zoramena nagusi zen Madrilgo zalegoaren artean, urte askoren ostean kapitaleko taldea etsai nagusia baino gehiago zela zirudien; ispilatze hutsa izan zen, baina, partiduak eskainiko zuenaren aurrean. 

Arenan zauritutako gladiadorearen tankera lurretik altxatu eta partidua zerotik hasi zen  Bartzelona, talde handiek bakarrik egiten duten bezala. Hasiera traketsari konponbidea emate bidean bere aurpegi bat erakutsi zuten Pep Guardiolaren mutilek, eta taldearen ikur eta itsasargi den Lionel Messi argentinarra buru, partidua guztiz irauli zuten hurrengo minutuetan. Aurrelariaren jokaldi burutsu bezain ikusgarri batean Alexis Sanchezi areatik hurbil utzi zion baloia, eta honek abiaduraz defentsari gailendu eta baloia gurutzatuz Casillas gainditu zuen berdinketa ezartzeko (30´, 1-1).

Dagoeneko ez zen hain argia Madrilen jokoa, hasierako argitasuna bertan behera geratu zela zirudien, eta ahal bezala atsedenaldira banako markagailuarekin ailegatzea lortu zuten.

Bigarren zatia lehenengoaren amaieraren ildotik igaro zen, eta minutuak aurrera joan ahala geroz eta ukigarriagoa zen kataluniarren nagusitasuna. Hasieratik bertatik Bartzelonak bere legea inposatu zuen, eta eduki zuen lehen aukera garbian Xavi kapitainak, zorte apur batekin, baloia sareetara bidali zuen areatik kanpoko jaurtiketa gogor baten bidez (54´, 1-2).   

Dagoeneko ez zen liderraren hasierako joko erasokor eta bertikal argiaren izpirik geratzen, panpina apurtua zirudien aurkariaren aurrean. Bartzelonak, bestalde, nagusitasun egoeratik ahal bezain etekin handiena ateratzea xedetzat hartuta, talde jokaldi gogoangarri baten bidez partidua guztiz apurtu zuen Cesc Fábregasen burukada baten bidez. Messik zelai erditik hasitako abiatze azkarra eskuin hegalera zabaldu zuen, bertan zegoen Dani Alvesek Fabregasek porteria barrura kalitatez bidaliko zuen aire bidezko pase zuzena egin zezan (66´, 1-3).  

Markagailua ez zen gehiago mugituko norgehiagokaren bukaerara arte, nahiz eta etxekoek azken minutuetan partiduari buelta emateko saiakerak egin zituzten. Irmo agertu zen txapelduna defentsan, eta amaieran, beraz, 3 puntuak Bartzelonarantz eta inoiz baino liga irekiagoa aurretik.
Gentza Garcia Mendieta

martes, 13 de diciembre de 2011


Aurreikuspenen aurretik, Bartzelona garaile


Aspalditik ikusi dugun Madrilrik hoberena ezin izan du Bartzelona garaitu. Aurreikuspen guztiak esaten zuten aurtengo Madril hau, urteetan ikusi dugun hoberena, Bartzelonari arazorik gabe irabaziko ziola. Baina ez da horrela izan. Badirudi, Blaugranek ezbeharren aurrean handitzen direla, eta hori da oraingoan gertatu dena dena.

     
    Egia da Madril hobeto hasi izan duela partidua. Izan ere, Benzemak 22. Segundoan sartu du gola Valdesek egundoko hutsa egin ondoren. Bazirudien gol horrek depresio psikologiko batean lurperatuko zituela Bartzelonako jokalariak, are gehiago hurrengo 25 minutuetan Madrileko Benzemak eta Ronaldok aukera ezin hobea izan zutela partidua ixteko bi gol gehiagorekin. Baina barkatu zuten “merenge”-ek eta hori Bartzelonak aprobetxatuko zuen.
     
    30. minutuan, atsedena heldu baino lehen, Alexis Sanchezek gola itzela sartu zion Casillasri, Messiren kristorako pasea jaso eta gero. Hau bai izan zen kolpe gogorra Madrilgo jokalarientzako. Une hartatik aurrera behera etorri ziren eta zelaian talde bakarra geratu zen, Bartzelona.
     
  Blaugranen bigarren gola 53 minutuan heldu zen. Xavi izan zen 1-2koa markagailuan jarri zuena. Areaz kanpotik zartako ederra jaurti ondoren, Marcelok jaurtiketa desbideratu eta baloia ate barrura sartu zen. Azkenik, 63. Minutuan, Cesc sartu zuen partiduaren azken gola. Dani Alvesek egindako erdiraketa bikaina bat aprobetxatuz  ailegatu zen gola. Bartzelonak partidua itxi zuen une horretan.
     
    Klasiko guztietan bezala, begirada nagusienak Messin eta Ronaldon izan ziren. Urrezko baloiaren gaia pil-pilean dagoenean gainera. Baina ez da izan hau bi izar hauen partidua. Hauen artean, Messi izan da garaile baina ez batak ez besteak ez dute egin haien partidurik hoberena. Esan daiteke fitxaje berrien partidua izan dela hau, bai cesc-ek, bai Alexisek partidu ederra jokatu zuten eta partidua itxi zuten haien bi tantoekin.
      
   Esan beharra dago partidu honetan kiroltasun handia egon dela Jose Mourinhoren aldetik. Izan ere, partiduaren bukaeran, Tito Vilanovarengana hurbildu da eta barkamena eskatu dio, aurretik aurreratu duen bezala.







                                                        Hegoi  Gonzalez