Vistas de página en total

domingo, 18 de diciembre de 2011

Sakrifizioaren erakusleiho

Laudioko Nazioarteko Krosak kirolari eta gazteen artean erreferentzia izaten jarraitzen du
Gentza GARCIA MENDIETA
Pasaden azaroaren 28an Laudioko krosaren XXVII. edizioa ospatu zen, eta urtero bezala, haran arabarra kirolaren munduan lehen mailan jarri zuen egun batez. Nazioarteko kros lasterketa da, zalantzarik gabe, Laudiok bere burua ezagutaraztera emateko darabilen tresnarik garrantzitsuena, eta Euskal Herriko kirola sustatze bidean erakusleiho ezin hobea izan da aurten ere.
Laudioko krosak 2004tik 2006ra IAAF kategoriaz gozatu ahal izan zuen, hau da, mundu mailan eliteko zirkuitua izan zen Turin, Edimburgo edota New Yorkekin batera. Egun, AEA kategorian dago Arabako klasikoa (Europako maila gorena eta munduan bigarrena) baina, zalantzarik gabe, kirolean erreferente izaten jarraitzen du. Latza izan zen, baina, hasiera eta 1979-84 artean froga popularra baino ez zen izan, Laudioko Atletismo Klubak antolatutakoa.
Taldeko kideen borondatezko laguntzari esker, hain zuzen ere, lortu da gaur eguneko mailara iristea. Maila bereko beste lasterketa gehienetan ordainpeko funtzionarioek antolatzen dituzte prestakuntzak; horrelakorik ez da Laudioren kasuan. Inork ez du xeherik irabazten antolakuntza lanetan, baina era berean guztiz beharrezkoa da klubeko kideen elkarlana krosa aurrera eramateko. Horren jakitun ere badira klub barrutik: Peli Ortiz de Zarate antolatzailearen hitzetan, "lana" da ekimenaren biziraupena sustatzeko era bakarra, izan ere, "krosa ez litzateke egongo boluntario barik".
Azken urteotan atleta handiek zapaldu dute haraneko zirkuitua, eta nazioartean famatua egin duen lokatza nahiz eguraldi kaxkarra sufritu izan dute. Peliren hitzetan, "normalean beti agertzen da lokatza, euri-zaparrada edo haizea" eta horrek ematen dio bere xarma, izan ere, "horregatik da benetako krosa, betikoa".Ort Ellakuri auzo laudiorreko klasikoan Osoro Ondoro kenyarra (1991eko munduko kros txapelduna), Tariku Bekele etiopiarra (5000 m-tan urrea 2006ko munduko txapelketan) edota Martin Fiz gasteiztarraren (2 aldiz kroseko Espainiako txapelduna) tankerako txapeldun handiek hartu dute parte, lasterketaren hedapena bultzatuz. Denboran urrunegi joan beharrik ez dago, gainera, aurtengo edizioan Leonard Komon (10 eta 15 km-tako munduko "record-man"a) eta Nadia Ejjafini italiar-marokiarra (2007ko Joko Panarabikoetako 5000 m-tako urrea) gailendu baitira senior kategorietan. Hona jarraian krosa jaio zenetik profesionaletan izan dituen irabazle guztiak, gizon nahiz emakumezkoetan:    
1985
Javier San Martín (ESP)
Asunción Antolín (ESP)
1986
Valentín Rodríguez (ESP)
Amelia Lorza (ESP)
1987
Ezequiel Canario (POR)
Amelia Lorza (ESP)
1988
Martín Fiz (ESP)
Mary Chenweno (KEN)
1989
Ezequiel Canario (POR)
Jane Shields (GBR)
1990
Wilson Omwoyo (KEN)
Jane N’Goto (KEN)
1991
Ondoro Osoro (KEN)
Susan Sirma (KEN)
1992
Ondoro Osoro (KEN)
Lydia Cheromei (KEN)
1993
Fita Bayissa (ETH)
Sally Barsosio (KEN)
1994
Fita Bayissa (ETH)
Derartu Tulu (ETH)
1995
Daniel Komen (KEN)
Sally Barsosio (KEN)
1996
Jon Brown (GBR)
Gete Wami (ETH)
1997
Tom Nyariki (KEN)
Jackeline Maranga (KEN)
1998
Luke Kipkosgei (KEN)
Merima Denboba (ETH)
1999
Hailu Mekonnen (ETH)
Naomi Mugo (KEN)
2000
Abraham Chebii (KEN)
Merima Denboba (ETH)
2001
John Yuda (TAN)
Alessandra Aguilar (ESP)
2002
Charles Kamathi (KEN)
Selina Kosgei (KEN)
2003
Fabiano Joseph (TAN)
Alice Timbilil (KEN)
2004
Gebre Grebemariam (ETH)
Werknesh Kidane (ETH)
2005
Tariku Bekele (ETH)
Aniko Kalovics (HUN)
2006
Tariku Bekele (ETH)
Meselech Melkamu (ETH)
2007
Joseph Ebuya (KEN)
Meselech Melkamu (ETH)
2008
Tariku Bekele (ETH)
Linet Masai (KEN)
2009
Teklemarim Medhin (ERI)
Linet Masai (KEN)
2010
Teklemarim Medhin (ERI)
Alessandra Aguilar (ESP)
2011
Leonard Komon (KEN)
Nadia Ejjafini (ITA)

Ez-profesionalentzako tartea ere badago, noski, eta aurreko edizioen ildotik jarraituz 16 kategoria ezberdinetako atleta gazte nahiz adindunek parte hartu ahal izan dute aurten, neska eta mutilen artean (benjaminak, alebinak, infantilak, kadeteak, jubenilak, juniorrak, promesak, seniorrak eta beteranoak). Guztira, ia 1000 korrikalarik hartu izan dute parte, horietako 69 seniorretan (19 emakume eta 50 gizon).
Iazko datuekin konparatuz zertxobait jaitsi da parte hartzaileen zifra (1100 korrikalari inguru bildu ziren 2010eko edizioan), baina antolakuntzatik lasaitasun mezua zabaldu dute horri dagokionez. Alde batetik, aurtengo aurrekontuak mozketa nabariak izan ditu aurreko urteekin alderatuz eta horrek, noski, atleten irabaziak, hotelak, bidaiak... ordaintzeko kinka larrian jarri ditu Klubeko partaideak. Horren kexu azaltzen zen David del Rio klubeko kide eta kroseko partaidea ere: "Krisiak guztioi eman digu gogor" Bestetik, asteburu benetan kaxkarra izan zen azaroaren azkenekoa kros munduko agendari dagokionez: Egun berean Frantzia, Holanda, Belgika eta Hungarian ere antolatu ziren, eta horrek asko zaildu zuen atleta europarrak erakartzerako betekizuna.
Edozein modutan ere, Laudioko antolatzaile eta zaleek badakite eskualdeko kirolak osasun paregabeaz gozatzen duela, urtez urte zalegoa handitzen doala. Horren isla azkeneko urteotan nazioarteko krosak izan duen oihartzun itzela, Teledeporten, ETBn, nahiz beste zenbait kate autonomikoetan lasterketa zuzenean erretransmititua izan da eta. 


Krosaz gozatzeko aukera izan dutenek ere lasterketaren alor onak azpimarratzen dituzte, Ane Larrazabal kasu, azken 11 edizioetan parte hartu duen 17 urteko Orozkoarra. Bera Laudioko Atletismo Klubeko kide gaztea da eta argi dauka ez dela beste lasterketa sinple bat: "Taldea urte osoan egoten da krosa antolatzen" eta horrek "berezia" bihurtzen du zita berarentzat eta bera bezalako ingurko atleta askorentzat. "Lagun asko biltzen dira ikustera, animatzera eta hori laguntza handia izaten da" korrika egitean murgilduta daudenean. Gainera, kirolean hasten ari diren gaztetxoei ere parte hartzeko gonbita luzatzen die, izan ere, "oso gogorra dirudien arren merezi du entrenatzea, gero asko disfrutatzen delako". Hori bai "pixka bat sufritzeko prest" egon beharko direla ohartarazten ditu.

Gazteak, jarraitzaileak eta antolatzaileak berak dira azken finean tankerako lan nekezaren fruituak jasotzen dituztenak, eta hurrengo urteetan orain arteko goranzko joerarekin jarraituko dela argi daukate klubetik. Peliren aburuz, krosa "erreferentea izan behar da gazteentzat"; ez bakarrik atletismo munduan, baizik kirolaren eta osasunaren alorrean adibide izatea lortu nahi da, eta horren atzetik gogor jarduten jarraituko dute Laudioko Atletismo Klubeko kideek, sakrifizioaren erakusleiho bezala. Munduko zorte on guztia haientzat.


(Elkarrizketaren bideoa hemen ikusgai).

No hay comentarios:

Publicar un comentario