Vistas de página en total

martes, 20 de diciembre de 2011

Desberdintasunak baztertuz


 Emakume eta gizonen arteko balantza orekatzea da gaur egungo erronka garrantzitsuenetarikoa
Ainhoa Goenaga

Emakume etxekoandrearen garaiak aspaldi geratu ziren atzean. Emakumeek lan mundura salto egitea lorpen handia izan zen berdintasunaren izenean, baina bidea arantzaz betea dago oraindik eta familia eta lanaren uztartzeak hainbat kezka eta arazo sortzen ditu egun. Lanean ari diren emakumeek ezin diote nahi bezainbeste dedikazio eskaini haurrei, baina jakina, ez diote beraien ibilbide profesionalari uko egin nahi. Egoera honen aurrean, gizarteak eta administrazioak badute zer esan eta zer egin. Hainbat herrialdeen lehiakortasuna eta belaunaldi erreleboa jokoan dago, gizon eta emakumeen arteko berdintasunekin batera.

Generoen arteko balantzak desorekatuta dirau, eta horrela jarraituko du negozioak gizonezkoei bakarrik dagozkien kontuak bezala hartzen diren bitartean. Gizonezkoa langile eredutzat hartzen duten enpresak fikzioan oinarritzen dira. Alde horretatik, norvegiarrek argi utzi dute berdintasunetik abiatu behar dela gailurrera iristeko. Haiek parekotasuna bermatzeko kuota ezarri zuten aurreneko aldiz. Enpresa handien Administrazio Kontseiluak lanpostuen %40a gutxienez emakumezkoek okupatzea ezarri zuen. Horrela, 2002an enpresa handien pertsonalaren %7a osatzetik %44a osatzera pasa dira emakumeak. Orain, Norvegia Giza Garapen Indizean lehen postuan dago. Are gehiago, NBEk norvegiarrekin alderatzen ditu beste herrialdeak ongizate maila neurtzean.

Konparazioak eginez gero, diferentzia nabarmen bat ikus dezakegu Norvegia eta Espainia edo Euskal Herriaren artean. Han, haurra jaiotzerakoan, sei asteko baimena hartzen du derrigorrez amak eta, gero, urtebetekoa du aukeran. Gainera, aldiaren gehienean, soldata osoa kobratzen du. Aitak ere hamar asteko baimena hartzeko aukera du. Espainian guraso langileei eskainitako erraztasunak askoz ere murritzagoak dira. Jone Bengoetxea ELAko ordezkariaren iritziz: “Lege eta herri instituzioek ez digute aukera handirik ematen lana eta bizitza pribatua bateragarri egiteko”.

Pasadan urtean, Europako lan ministroek baztertu egin zuten amatasun baimena soldata osoarekin 20 astera luzatzeko proposamena. Hala eskatu zuen Europako parlamentuak, baita bi asteko aitatasun baimena ere, baina krisi egoera dela eta, ministroek ez zuten ideia babestu. Valeriano Gomez Espainiako lan ministroak uste du amatasun baimena luzatzean zailagoa egiten dela emakumeak lan merkatura itzultzea. “Amatasuna babesten duen arau bat nahi dugu, baina baita emakumeak merkatura erraz itzultzea ere”, esan zuen. Horregatik, Espainian amatasun baimena 16 astekoa bakarrik da. Aitatasun baimena, aldiz, bi astekoa besterik ez. Berez, Europako parlamentuak proposatutakoa betetzen du, baina ez da familiaren egiturara inondik inora ere egokitzen.
 
Azken batean, Europar Batasuneko herrialdeetan amatasun baimenak gutxienez 14 astekoa izan behar du; aitentzat, berriz, ez dago gutxienekorik. Ondo kostatako erabakia da. 2008tik ibili da proposamena atzera eta aurrera. Dena den, hala moduzko aurrerapausoa da. “Aurrerapausoa bada, baina txikia”, adierazi du Maria Silvestre Emakundeko buruak. Haren arabera, Europa biztanleen zahartzeaz ohartu da eta kezkatuta dago jaiotza tasa txikiagatik. Silvestrek dio emakumeei nolabait erraztu egin nahi zaiela lana eta amatasuna batzea biak batean egin ahal izateko: emakumeak biztanleria aktiboan sartuz eta hurrengo belaunaldiak bermatuz. “Berdintasuna bai, baina neurri hauekin eraginkortasun ekonomikoa lortu nahi da”, azaldu du.

“Lana eta familia bateratzea, gauza bera izan beharko litzateke gizon eta emakumeentzat, baina ez da”
Marisol Goikoetxea, Enpresa kudeatzailea eta ASPEGI Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko presidenteordea

Nahiko maiz ematen da emakumeek lanaldia murriztea haurra zaintzeko. Berez hori norberaren aukera izan beharko luke, baina behin baino gehiagotan inguru oso batek bultzatzen du ama erabaki hori hartzera. Bigarren edo hirugarren haurra edukita, emakumea jada etxean geratzen da betiko. “Lana eta familia bateratzea, gauza bera izan beharko litzateke gizon eta emakumeentzat, baina ez da”, aipatu du Marisol Goikoetxea ASPEGI Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko presidenteordeak. Langile Estatutuaren Legean jasota dagoen araudiak gizonezkoa ere zaintzaren eta familiaren arduretan txertatu beharko luke, erantzukizuna partekatua baita.

Ama langileen zailtasunak
Lanean dabiltzan amek traba asko topatzen dituzte eta lan-aukera eskasak jasaten dituzte. Lan-orduak murrizten dituenak kotizazioa ahultzen du, eta horrek erretirorako baldintza okerragoak dakarzkio. Bestalde, egun osoz lan egiten jarraitzen duenak bi lekutan egon beharraren arazoak pairatzen ditu. Izan ere, bi lekutan egoten saiatzean, azkenean inon ez egotea eta ezer ez fundamentuz egitea eragiten du.

Gehienetan emakumeak direnez baimenak hartu edo murrizketak egiten dituztenak, diskriminazio estatistikoa sortzen da. Haurrak zaintzeko eskatutako eszedentzietatik %90 baino gehiago emakumeenak dira. Orduan, emakumeen lana ordezkagarritzat hartzen da, bigarren mailakotzat. Hori dela eta, maila baxuagoko postuak eta soldatak eskuratzen dituzte.

Hurrengo belaunaldien etorkizuna kolokan
Emakumeen ugalkortasun datuei erreparatuz, EAEn ugalkortasun tasa 1,2koa, Espainiako estatuan 1,3koa eta Europan 1,5koa direla erakusten dute estatistikek. Nazio Batuen Garapenerako programak dio belaunaldi erreleboa eta Gizarte Segurantza bermatzeko behar den gutxieneko tasa 2,1ekoa izan behar dela. 2050. urterako aurreikuspenek diote beharrezko langile kopuruari ezingo zaiola erantzun, ezta emigrazioarekin ere. Hau gizarte osoaren arazoa da, eta hala erantzun behar zaio.

“Bizi garen eredu sozioekonomiko honetan produktibitatea eta kontsumoa lehenesten dira eta bazterrean uzten da pertsonen ongizatea”
Josune Martirena, psikoterapeuta eta guraso eskolen eta edoskitze eta heziera naturalaren aldeko taldeen koordinatzailea

“Bizi garen eredu sozioekonomiko honetan produktibitatea eta kontsumoa lehenesten dira eta bazterrean uzten da pertsonen ongizatea. Lehenetsi behar duguna gizartearen ongizatea da eta, horretarako, sistemako elementu ahulena hartu behar dugu oinarri: haurra. Lehentasun horiek ezarrita, familian zentratutako sistema eraiki behar da”, azaldu du Josune Martirena guraso eskolen eta edoskitze eta heziera naturalaren aldeko taldeen koordinatzaileak.


Genero berdintasunaren foroa (Emakunde)


Gurasotasun baja Espainian

Bibliografia:
-         Argia
-         Berria
-         Emakunde
-         Adierazpenak
o       Jone Bengoetxea à ELAko ordezkaria
o       Maria Silvestre à Emakundeko burua
o  Marisol Goikoetxea à Enpresa kudeatzailea eta ASPEGI Emakume Profesional eta Enpresarien Elkarteko presidenteordea
o       Josune Martirena à Psikoterapeuta eta guraso eskolen eta edoskitze eta heziera naturalaren aldeko taldeen koordinatzailea



No hay comentarios:

Publicar un comentario