Vistas de página en total

jueves, 29 de septiembre de 2011

Israelek 1.000 etxebizitzatik gora eraikiko ditu Jerusalemen

Bake negoziaketak berrartzeari ekin beharrean, Israelek Jerusalemen 1.000 etxebizitza baino gehiago eraikitzea erabaki du. Madrilgo Laukoteak (AEB, EB, Errusia eta NBE) Israeli bakeari bidea irekitzeko ahalegin bat egitea eskatzen dion bitartean, honek Jerusalem guztiz kolonizatzea planeatzen du. Saeb Erekat Palestinar Aginte Nazionaleko negoziatzaile buruzagiaren ustez, “Israelen erantzuna” da Laukotearen proposamenari.

Israelek 1967an okupatu zuten Jerusalemgo hegoaldea. Ordutik, palestinarrek beren lurraldea aldarrikatzen dute, baina ez zaie jaramonik egiten. Orain, 1.000 etxebizitzatik gora eraikiko ditu bertan Israelek.

Israelgo Barne Ministerioak onartu du jada etxebizitzen eraikuntza. Bestalde, Palestinar Aginte Nazionaleko negoziatzaile buruak erabaki hori gaitzetsi du. Eskualdeko bake perspektiba ahulak babesteko nazioarteko esfortzuei emandako muturrekoa bezala definitu du Israelen plana.

Gogoratu beharra dago Palestinak NBEri Estatu gisa onartzeko eskatu diola duela oso gutxi. Jarraian, Madrilgo Laukoteak Israeli eta Palestinari bake negoziaketak berriz hasteko proposatu die. Baina, badirudi Israelek berearekin jarraitzen duela. “1.100 etxebizitzekin erantzun die Laukoteari eta Frantziaren Ekimenari Israelek. Israel bakerako bazkide bat dela dioten nazioarteko eragileak barregarri utzi ditu Netanyahuk”, adierazi du Erekatek. Israelek muntatutako beste “kolono-gunea” dela esan du Palestinako ordezkariak. Zisjordanian egiten ari diren berdina errepikatzen ari direla dio.

No hay comentarios:

Publicar un comentario