Vistas de página en total

viernes, 16 de diciembre de 2011

Liga bizirik darrai


Urtean pare bat aldiz bizi ohi dugun mendeko partidurik onenaz gozatu ahal izan genuen atzo, Bartzelona eta Real Madril galaz jantzitako Santiago Bernabeu futbol zelaian aurrez aurre jarri zituen klasiko handian. Ikusmin handia sortu izan du norgehiagokak, inoiz baino gehiago agian, Madrilgo taldearen bolada ezin hobean oinarrituz, baina ohiko bihurtzen ari den bezala erakustaldi itzela eskaini zuten kuleek 83.500 lagunen aurrean, 1-3 gailenduz. Partidu bizia, azkarra eta lehiatua izan zen, futbola handi egiten duten horietakoa, azkenean indartsuenaren legeak erabaki zuena.

Partidu hasierari, ordea, ez zion behar bezala ekin talde kataluniarra, izan ere, 22. segundoan Valdes atezainak baloia urruntzerakoan huts galanta egin eta jokaldi trabatu baten ostean Benzemak oparia aprobetxatu zuen markagailura lehenengo gola igoarazteko. (1-0, 1´). Etxeko taldearen hasierako aupada ez zen hor geratu, ordea. 

Hurrengo minutuetan Barça guztiz ezezaguna ikusi zen neurketan, zelaian bere lekua aurkitu ezin, erasoan kamuts eta Madrildarren erasoen aurrean zailtasun handiz defendatzen zirenak. Egoeraren aurrean Cristiano Ronaldok  eta Benzemaren arteko aukera paregabea izan zuten 25. minutuan diferentzia handitzeko eta partidua bideratzeko, baina bere burukada zuzen-zuzenean Valdesen eskularruetara bidali zuen frantsesak.

Zoramena nagusi zen Madrilgo zalegoaren artean, urte askoren ostean kapitaleko taldea etsai nagusia baino gehiago zela zirudien; ispilatze hutsa izan zen, baina, partiduak eskainiko zuenaren aurrean. 

Arenan zauritutako gladiadorearen tankera lurretik altxatu eta partidua zerotik hasi zen  Bartzelona, talde handiek bakarrik egiten duten bezala. Hasiera traketsari konponbidea emate bidean bere aurpegi bat erakutsi zuten Pep Guardiolaren mutilek, eta taldearen ikur eta itsasargi den Lionel Messi argentinarra buru, partidua guztiz irauli zuten hurrengo minutuetan. Aurrelariaren jokaldi burutsu bezain ikusgarri batean Alexis Sanchezi areatik hurbil utzi zion baloia, eta honek abiaduraz defentsari gailendu eta baloia gurutzatuz Casillas gainditu zuen berdinketa ezartzeko (30´, 1-1).

Dagoeneko ez zen hain argia Madrilen jokoa, hasierako argitasuna bertan behera geratu zela zirudien, eta ahal bezala atsedenaldira banako markagailuarekin ailegatzea lortu zuten.

Bigarren zatia lehenengoaren amaieraren ildotik igaro zen, eta minutuak aurrera joan ahala geroz eta ukigarriagoa zen kataluniarren nagusitasuna. Hasieratik bertatik Bartzelonak bere legea inposatu zuen, eta eduki zuen lehen aukera garbian Xavi kapitainak, zorte apur batekin, baloia sareetara bidali zuen areatik kanpoko jaurtiketa gogor baten bidez (54´, 1-2).   

Dagoeneko ez zen liderraren hasierako joko erasokor eta bertikal argiaren izpirik geratzen, panpina apurtua zirudien aurkariaren aurrean. Bartzelonak, bestalde, nagusitasun egoeratik ahal bezain etekin handiena ateratzea xedetzat hartuta, talde jokaldi gogoangarri baten bidez partidua guztiz apurtu zuen Cesc Fábregasen burukada baten bidez. Messik zelai erditik hasitako abiatze azkarra eskuin hegalera zabaldu zuen, bertan zegoen Dani Alvesek Fabregasek porteria barrura kalitatez bidaliko zuen aire bidezko pase zuzena egin zezan (66´, 1-3).  

Markagailua ez zen gehiago mugituko norgehiagokaren bukaerara arte, nahiz eta etxekoek azken minutuetan partiduari buelta emateko saiakerak egin zituzten. Irmo agertu zen txapelduna defentsan, eta amaieran, beraz, 3 puntuak Bartzelonarantz eta inoiz baino liga irekiagoa aurretik.
Gentza Garcia Mendieta

martes, 13 de diciembre de 2011


Aurreikuspenen aurretik, Bartzelona garaile


Aspalditik ikusi dugun Madrilrik hoberena ezin izan du Bartzelona garaitu. Aurreikuspen guztiak esaten zuten aurtengo Madril hau, urteetan ikusi dugun hoberena, Bartzelonari arazorik gabe irabaziko ziola. Baina ez da horrela izan. Badirudi, Blaugranek ezbeharren aurrean handitzen direla, eta hori da oraingoan gertatu dena dena.

     
    Egia da Madril hobeto hasi izan duela partidua. Izan ere, Benzemak 22. Segundoan sartu du gola Valdesek egundoko hutsa egin ondoren. Bazirudien gol horrek depresio psikologiko batean lurperatuko zituela Bartzelonako jokalariak, are gehiago hurrengo 25 minutuetan Madrileko Benzemak eta Ronaldok aukera ezin hobea izan zutela partidua ixteko bi gol gehiagorekin. Baina barkatu zuten “merenge”-ek eta hori Bartzelonak aprobetxatuko zuen.
     
    30. minutuan, atsedena heldu baino lehen, Alexis Sanchezek gola itzela sartu zion Casillasri, Messiren kristorako pasea jaso eta gero. Hau bai izan zen kolpe gogorra Madrilgo jokalarientzako. Une hartatik aurrera behera etorri ziren eta zelaian talde bakarra geratu zen, Bartzelona.
     
  Blaugranen bigarren gola 53 minutuan heldu zen. Xavi izan zen 1-2koa markagailuan jarri zuena. Areaz kanpotik zartako ederra jaurti ondoren, Marcelok jaurtiketa desbideratu eta baloia ate barrura sartu zen. Azkenik, 63. Minutuan, Cesc sartu zuen partiduaren azken gola. Dani Alvesek egindako erdiraketa bikaina bat aprobetxatuz  ailegatu zen gola. Bartzelonak partidua itxi zuen une horretan.
     
    Klasiko guztietan bezala, begirada nagusienak Messin eta Ronaldon izan ziren. Urrezko baloiaren gaia pil-pilean dagoenean gainera. Baina ez da izan hau bi izar hauen partidua. Hauen artean, Messi izan da garaile baina ez batak ez besteak ez dute egin haien partidurik hoberena. Esan daiteke fitxaje berrien partidua izan dela hau, bai cesc-ek, bai Alexisek partidu ederra jokatu zuten eta partidua itxi zuten haien bi tantoekin.
      
   Esan beharra dago partidu honetan kiroltasun handia egon dela Jose Mourinhoren aldetik. Izan ere, partiduaren bukaeran, Tito Vilanovarengana hurbildu da eta barkamena eskatu dio, aurretik aurreratu duen bezala.







                                                        Hegoi  Gonzalez

miércoles, 7 de diciembre de 2011

Kamorrako kide arriskutsuena kartzelaratu dute


Michele Zagaria, 53 urteko "Casalesi" italiar mafiako klaneko buruzagia atxilotu zuen poliziak asteazkenean. Bere klana, kamorra osoko arriskutsu eta odoltsuenetakoenetakoa kontsideratua dago.


16 urte zeramatzan Zagariak poliziarengandik ihes egiten fugitibo bezala, eta Casal di Principen, Italiako hegoaldean, kokatua dagoen lur azpiko bunker batean aurkitu izan du poliziak. Ez da atxiloketa aislatu bat izan, eta nahiz eta hasieratik Zagaria zen xede nagusia, 100 polizia agente baino gehiagok hartu izan du parte operazioan, Casalesien klana oinarrietatik bertatik desegiteko. Napoliko Antimafia Zuzendaritzak baieztatu duenez, Casapesenna udalerriko zenbait etxe erregistratu ditu poliziak, eta, haien hitzetan, mafiaren "kapoa" atxilotu dutenean "Estatua gailendu da" adierazi omen du.

Michele Zagaria, Casertan jaioa, Napoliko mafiaren azken buruzagi handia izan da erortzen, eta nahiz eta hedabide lokalek orain dela egun batzuk argi zeukaten lokalizatua zeukatela eta atxiloketa una batetik bestera egingo zela, ez da asteazkenera arte izan noiz harrapatzea lortu duten. Bere klana, "Casalesiena", alegia, ez zen Italiak soilik mugitzen, eta Espainia, Portugal edo Frantzian aritzen zen mafiaren ordezkari bezala. 2008tik biziarteko kartzela-zigorra ezarria dauka, drogaren trafiko eta hilketa delituak leporatuta.


Gentza Garcia Mendieta

Alemanian II. Mundu Gerrako bonbak aurkitu dituzte


Coblenzan, Alemania mendebaldeko herri batean, biztanleriaren erdia ebakuatu behar izan dute 2 tonako bonba bat desaktibatzeko. 45.000 pertsonek euren etxebizitzak hustu behar izan dituzte. Gainera, tokiko errepide eta trenbide guztiak itxi egin behar izan dituzte.

II. Mundu Gerraren garaiko lehergailua Rin ibai-bazterrean aurkitu dute, 125 kiloko bonba bat eta ke-bonba batekin batera. Azkenaldian euririk egin ez duenez, ibaiaren maila oso baxua da eta, ondorioz, ur-azalera atera dira artefaktuak.

Ebakuazioa jendetsua izan den arren, arazorik gabe joan da. Esan beharra dago II. Mundu Gerraz geroztik Alemanian egin duten ebakuaziorik handiena izan dela.


EFE 
ABC 

Ainhoa Goenaga

martes, 6 de diciembre de 2011

"Occupy Wall Street"eko 26 partaide atxilotu dituzte


"Occupy Wall Street" mugimenduko 26 ekintzaile kartzelaratu dituzte bart McPherson plazan, Columbiako distrituan, Washington D.C.tik gertu. Atxiloketaren momentuan etxe moduko egurrezko eraikin bat egiten ari zeuden, eta iturri ofizialen arabera 3 aldiz abisatuak izan ziren poliziaren sarrera baino lehen. Mugimenduko bozeramailearen arabera, hots, Kathryn Seidewitzen arabera, OWS-en jarraitzaileen jarduera lasai eta baketsuak indarrez eraso zituen poliziak, eguerdiko 12ak aldera.

Seidewitzen hitzetan eraikina gauean zehar egiten jardun zuten, eta udazkeneko hotza jasan ahal izateko nahiz bilkurak bertan antolatzeko ari ziren eraikitzen, "hau ez da indarkeriazko mugimendu bat" lelopean.

Poliziaren hitzetan, egurrezko eraikina arriskutsua zen bertan zeuden pertsonentzat, eta antza hori izan da huste eta atxiloketaren arrazoi nagusia. Aipatzekoa da polizia aktibistak atxilotzen hasi denean horietako 6 eraikinaren goiko aldera (bi pisu zituen) kateatuak zeudela protesta modura. 200 bat pertsona bildu omen ziren ikuskizun negargarriaren lekukotzat.

Ez da lehenengo aldia "Occupy Wall Street"-eko kideek tankerako indarkeria egoera bat sufritzen dutena, izan ere, azken asteotan New YorkLos Angeles, DallasOakland... bezalako hiri handietan egoera oso antzerakoak bizi izan dituzte.


Gentza Garcia Mendieta

lunes, 5 de diciembre de 2011

Auzitegi gorenera eramango diote Julian Assangeri


sexu-erasoak egin izana egozten diote Wikileaks-en sortzailearei, Julian Assangeri Suediako agintariek, eta oraingoan bere estradizioa eskatu dute. Horrela, Erresuma Batuko auzitegi gorenak Assangen kasua Gorenera eramatea erabaki dute.

     2010eko abuztuan bi emakumek sexu-erasoa jazan zutela esan zutenetik, hiru sexu delitu eta bortxaketa bat leporatzen diote Julian Assangeri.

     Assange jauna oso ezaguna da mundu osoan eta Auzitegi Goreneko bi epaileren ustez garrantzi publikoa du gertaera hau. Horregatik, Gorenak kasuarekiko erabakia lehen bailen hartu behar duela diote epaileek. The Press Asociation agentziak adierazi duenez, ukatu dioten helegitea egiteko aukera Gorenari eskatzen utziko diote Assange jaunari. 

    Wikileaks-en sortzailea Britainia handian bizi da atzilotu zutenetik. Orain dela urte bat gutxi gora behera gertatu zen hori, gobernuko informazio pribatuak argitaratu zuenetik. Orain, Suediako agintariek bere estradizioa eskatu dute baina Gorenera ailegatuko denez Assangek, 14 egun izango ditu apelazio formal bat egiteko. Beraz Britainian jarraituko du 14 egun gehiago gutxienez.


Julian Assangeri egindako elkarrizketa

Informazio iturriak: eitbTele5Youtube

                                                                           Hegoi Gonzalez

Durbaneko Aldaketa Klimatikoaren Gailurra porrot hutsa izaten ari da

Kyotoko protokoloa bizirik mantentzeko asmoarekin 195 herrialde bildu dira Durbaneko goi-bileran, Hegoafrikan. Bertan, berotegi efektua ahal den heinean murrizteko neurri berriak hartuko omen dituzte. 

Berez, Kyotoko protokoloa berriztatzean zentratuko dira, batik bat. Hau 1997an sinatu zen eta 2005ean jarri zen martxan. Funtsean, gas kutsakorren isurketa mundu mailan gutxitzea du helburu. Baina, justu gehien kutsatzen dutenak, Estatu Batuak, Txinak, Indiak eta Brasilek, ez dute inoiz akordio hau berretsi.

2012 bukaeran Kyotoko protokoloa amitutzat emango da. Horren aurrean, beste konpromiso denboraldi bat hartzea proposatu du NBEk. Baina, Japon, Kanada eta Errusia ez daude ados. Estatu Batuak eta gainontzekoak konprometitzen ez diren bitartean, beraiek ere ez direla konprometituko diote.

EBko Klima Aldaketaren Aurkako Ekintza-ko komisarioa Connie Hedegaardek hasiera eman dio Durbaneko Klimaren Gailurrari eta hainbeste pentsatu beharrean, zerbait egin behar dela defendatu du.




Ainhoa Goenaga